“Sexu orientazio eta genero identitateen ondorioz jazotzen diren gorroto delituei begirada orokorra” erakusketa aurtengo azken geltokira iritsi da. Azaroaren 27rarte Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan izango da. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara irekita egongo da, eta, larunbatean eta igandean, 12:30etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara.

Dagoeneko 15 herritan egon da eta, horietan, gaiaren inguruko tailerrak eta solasaldiak gidatu ditugu. Zumaian, adibidez, azaroaren 14an, asteazkena, erakusketaren aurkezpena egin genuen. Bertan, LGTBI kolektiboaren egoera gertuagotik ezagutzeko eta jendartean errotuta jarraitzen duten aurreiritzien inguruan hitz egiteko aukera izan genuen.

Gure helburu nagusia OSGI gorroto delituen errealitatearen inguruko hausnarketa kolektiboa bultzatzea izan da. Horrela, ikuspuntu orokor batetik, Sexu eta Genero Aniztasunaren kolektiboan dituzten ondorioak aztertu eta kontzientzia garatu nahi izan dugu.

Ikasturte berri honetan, lan horrekin jarraitzeko eta espazio berrietara iristeko asmoa dugu; esaterako, hezkuntza formaleko zentroetara. Etorkizuneko profesionalekin lan egin nahi dugu, delitu hauek identifikatzeko eta antzemateko euren gaitasuna hobetzeko gogoz. Interesa baduzue, jarri gurekin kontaktuan.

%d bloggers like this: