ALDARTE elkarteko kideok, Sexu- eta Genero-Aniztasuna Defendatzeko Nazioarteko Sarearen izenean, Ludwika Vega trans ekintzaileak Managuan jasandako gorroto-krimena gaitzetsi nahi dugu.

Ludwika Vega giza eskubideen defendatzailea ANITeko lehendakaria da, Trans Pertsonen Nikaraguako Elkarteko burua. Jaso dugun informazioaren arabera, irailaren 10ean, iluntzeko 20:00ak aldera, Ludwika elkarteko bulegoan bakarrik zegoela, bi gizon bertaratu ziren eta jipoitu egin zuten. Antza denez, galtzada-harri batez buruan kolpatu zuten, poltsa batekin itotzen saiatu ziren, eta, ondoren, sastakatu egin zuten. Basakeria hori nahikoa izango ez balitz bezala, alde egin aurretik, lotu egin zuten eta ordenagailua zein diru-zorroa lapurtu zizkioten. Gainera, adierazi behar dugu eraso fisikoez gain ahozkoak ere pairatu zituela. Gertaera horren ondorioz, Ludwikak zenbait hortz galdu ditu eta, oraindik, ospitaleratua jarraitzen du, izan ere arnasteko arazoak ditu.

Egoera horren aurrean, honakoa adierazi nahi genuke:

Lehenik eta behin, gure babesa helarazi nahi diegu gure borroka-lagunari, bere familiari eta ANITeko partaide guztiei. Ez zaudete bakarrik, munduko hainbat txokotan LGTBI kolektiboaren alde lanean dihardugun elkartetako kideok zuekin gaude. Espero dugu lehenbailehen osatzea eta ekintzara bueltatu ahal izatea, gertakari honek justizia izatea eta, ahal bezain pronto, guztia argitzea.

Bestetik, Nikaraguan eta Ameriketako hainbat estatutan gertatzen ari den LGTBI pertsonen aurkako “guda hotza” salatu nahi dugu. Ez dira garai errazak militanteentzat, mugimendu sozialen aurkako errepresioa nabaria baita, batik bat, gure komunitateko kideen aurkakoa. Estatuak jazartzen ari  dira eta hori onartezina da. Hori horrela izanik, defendatzaileak defendatzeko deia egin nahi dugu, guztion ardura delako euren babesa eta segurtasuna bermatzea.

Ezin zaigu ahaztu Ludwikak jasan duen erasoa ez dela kasu isolatu bat. LGTBI pertsonok gorroto-gertaerak egunerokoan eta munduko leku guztietan pairatzen ditugu. Ekintza horiek sexu- eta genero-aniztasunaren kolektiboaren gainean eraikitako aurreiritzi eta estereotipoetan oinarritzen dira. Horiek desagerrarazteko, ezinbestekoa da baliabideak izatea eta hezkuntza programa integralak martxan jartzea. Erreminta horiek gure esku ez ditugun bitartean, LGTBI autodefentsa aldarrikatzera behartuta gaude. Geure buruak defendatu behar ditugu eta elkar babestu behar dugu.

Amaitzeko, mezu bat helarazi nahi genuke: elkar gaitezen eta indar ditzagun aliantzak, bai barnekoak, bai kanpokoak. Kontuan izan behar dugu sistema zisheteropatriarkala deuseztatzeko ez dela nahikoa LGTBI kolektiboen arteko harremanak sendotzea, guztion konpromisoa behar dugula: arrazakeriaren aurkako taldeena, kapitalismoaren aurkakoena, langile borrokarena, etab. Azken finean, mundu zapaltzaile hau aldatu nahi dugun guztiok egin behar dugu zerbait gutxi batzuk guztia egin behar ez dezaten.

Gorroto-deliturik ez, erantzunik gabe!!!

ALDARTE

%d bloggers like this: