GORROTO-DELITUEI AURRE EGITEKO TRESNAK

AURKEZPENA

KooperAldarten orientazio-sexuala eta/edo genero-identitateagatik (OSGI) gertatzen diren gorroto-delituak lan ardatz gisa hartzea erabaki dugu. Izan ere, ulertzen dugu gai nagusi bat dela, eta garrantzi berezia duela, batez ere kontuan izanda azken urteetan gure inguruan eta mundu osoan LGTBI kolektiboa jasaten ari den gorroto-ekintza horien garrantzia, larritasuna eta inpunitatea.
​KooperAldarten lan egiten dugu Giza Eskubideei lotutako prestakuntza-, defentsa- eta sentsibilizazio-jarduerak antolatzen; askotariko bazterkeria eta indarkeria motak salatzen, bereziki gorroto-delituei dagokienez; eta LGTBI mugimendua ikusarazten eta ahalduntzen. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatu dute.
Espazio hau sortu da orientazio-sexuala eta genero-identitatearengatik jazotzen diren gorroto-delituak ikuspegi zabal batetik jorratzeko plataforma moduan; eta horrek aukera emango du gorroto-delituei aurre egiteko askotariko tresnen sorrera ezagutzeko eta sustatzeko. Tresna eta estrategia horien helburua da lanketa normatibo eta legalistatik harago iristea eta abiapuntutzat hartzea, bai biktimak eta/edo bizirik irten direnak beraiek, bai gizarte zibila.
Gonbidatu egin nahi zaituztegu orientazio-sexuala eta genero-identitateagatik gertatzen diren gorroto-delituen gai horretan sakontzera espazio honen bitartez. Espero dugu interesgarria izango zaizuela.

GORROTO-DELITUETARA HURBILKETA

Gorroto-delituei munduko toki askotan gorroto-krimen ere esaten zaie, eta arrazagatik, jatorriagatik, etniagatik, erlijioagatik, sexu-orientazioagatik, generoagatik eta beste hainbat arrazoirengatik sortutako norbaitenganako intolerantziaren eta arbuioaren adierazpenak dira.
Horrenbestez, orientazio-sexuala eta genero-identitatearen ondorioz gertatzen diren gorroto-delituak dira biktima edo biktimak aukeratzen badira LGTBI kolektiboaren parte izateagatik.
Horrelakoek bete-betean erasotzen diete Giza Eskubideei, askatasun printzipioei, aniztasunaren errespetuari, norbanakoen duintasunari eta haiei dagozkien eskubideei, eta horiek jasateko arrazoi bakarra da LGTBI kolektiboaren parte izatea.

Zein ekintza motatan hezurmamitzen dira OSGI gorroto-delituak?
OSGI gorroto-delituen adierazpen larrienak dira bizitzarako eskubidea urratzen dutenak, esaterako, munduko herrialde askotako LGTBI pertsonen erailketak.
Delitu horiek bereziki garrantzitsuak dira eraso bikoitzak direlako:

  • Batetik, delitu horien biktimak nahita aukeratzen dira, intolerantzia, arbuioa eta ezinikusia direla medio, LGTBI kolektiboaren parte direla ulertu delako.
  • Bestetik, haien kolektibo osoa ikaratzen da; horrek beldur eta ziurgabetasun sentimenduak sortzen ditu, eta zeharka mehatxatzen ditu gizartearen segurtasuna eta lasaitasuna.

​Orientazio-sexualagatik eta genero-identitateagatik jazotzen diren gorroto-delituak errealitate globala dira, eta mundu osoan gertatzen dira, gizarte guztietan. LGTBI pertsonen egoera bereziki larria da munduko zenbait eskualdeetan (gogorarazi behar dugu munduko herrialde batzuetan homosexualitateak heriotza-zigorra duela oraindik). Gainera, aipatu dugun bezala, LGTBI pertsonen eskubideak babesteko eta horien aldeko legediak dituzten herrialdeetan ere gertatzen dira OSGI gorroto-delituak.

LEGEZKO ALDERDIAK

Europako Segurtasun eta Elkarlanerako Erakundeak (OSCE) honela definitu ditu gorroto-delituak: «edozein arau-hauste penal, pertsonen eta jabetzaren aurkako arau-hausteak barne, baldin eta arau-haustearen biktima, lekua edo xedea aukeratu bada “arrazan”, jatorri nazional edo etnikoan, hizkuntzan, kolorean, erlijioan, adinean, minusbaliotasun fisikoan edo mentalean, sexu-orientazioan edo antzeko faktoreetan oinarrituta egon daitekeen, direla errealak, direla ustezkoak, talde batekin lotura, harremana, afiliazioa duelako, babesa ematen diolako edo haren parte delako, egiaz nahiz ustez».
Esan genezake ekintza edo egintza bat OSGI gorroto-delitutzat jotzeko bi baldintza bete behar direla: batetik, legezko araudiak jasotako eta araututako arau-hauste penal bat izan behar du; eta, bestetik, ekintza bultzatu duen arrazoia izatea pertsona edo kolektiboa LGTBI izateagatik arbuiatzea.
Gorroto-delituen tipologia zabala eta askotarikoa da. Nabarmentzekoak dira ekintza bortitzak, hala nola erasoak (sarri irain lgtbifoboekin batera egindakoak), mehatxuak, irainak eta kalte materialak. Gorroto-delituak dira sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik lan-esparruan edo zerbitzuak emateko esparruan baztertzeko ekintzak ere.