Pozez betetzen gaitu gure erakusketaren ibilbidea hasi dela jakinarazteak, GFAk eta GLEAk finantziatu duten OSGI gorroto-delituen begirada orokorra proiekturen baitan egindakoa.

Erakusketa honen helburua OSGI gorroto-delituen egoera ikusgarri egitea da. Gainera, LGTBI eskubideen promozioan eta salaketan eragina duen analisi kritikoa eta jendartearen mobilizazioa bultzatu nahi du.

Gorroto-delituen egoera hiru mailetan erakutsi nahi izan da —tokikoa (Euskadi), nazionala (estatu espainiarra) eta Erdialdeko Amerika eta Mexiko— herrialde bakoitzaren errealitate konkretuaren analisia egiten laguntzeko eta horrela, egiturazko ezaugarrien identifikazioa ahalbidetu eta mundu-mailako politikek horietan duten inpaktua neurtu ahal izateko.

Era berean, OSGI gorroto-delituekin amaitzeko helburua duten estrategiak sortzeko klabeak jaso nahi izan dira.

Lehenengo geltokia Donostiako Zuzenbide Fakultatea izan da, Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoak gure proiektuaren aldeko apustua egin baitu. Baina, noski, zure herrian, elkarteko egoitzan, kultur etxean, eta/edo gaztetxean ipini nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan!

Bide batez, jarduera honetan ideiak ematen, argazkiak uzten, irudiak sortzen, itzulpenak egiten, etab. lagundu diguten horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Zuek gabe lan hau burutzea ezinezkoa izango litzateke.

Laster izango duzue hurrengo geldialdiaren berri, bitartean, ez galdu aukera paregabe hau gaiaren inguruan sakontzeko!

%d bloggers like this: