ALDARTEko kideok sexu- eta genero-aniztasunaren alorrean lan egiten dugunez gero, behin eta berriro egiten dugu topo errealitate gordinarekin. Izan ere, euren sexualitatea edota generoagatik “ez-normaltzat” hartzen diren pertsonek, egunerokoan, munduko txoko guztietan, jazarpena nahiz bazterkeria pairatzen dute.

Nahiz eta hainbat urtetan zehar ez diren aintzat hartu, sexu- eta genero-arauetatik kanpo bizi diren pertsonek sufritzen dituzten indarkeriak jendartearen arazo larrienen artean daude. Kasu gehienak isilpean eta ezkutuan geratu dira, eta, horren ondorioz, gaia ezezaguna da.

Hainbat testuingurutan, indarkeria hauek GORROTO-DELITU moduan ezagutzera ematen hasi dira. Tolerantzia ezan eta aniztasuna ez onartzean oinarritzen dira eta pertsonen berezko duintasuna eta giza eskubideak delitu bidez ukatuta sortzen dira.

Hori guztia kontuan izanik, sexu-orientazio edota genero-identitateen ondorioz gertatzen diren gorroto-delituen aurka agertzen diren herritar kritiko eta ahaldunduak egotea sustatu nahi dugu. Helburu hori lortzeko, online ikastaroa antolatu dugu: “SEXU-ORIENTAZIO ETA GENERO-IDENTITATEENGATIK JAZOTZEN DIREN GORROTO-DELITUEI AURRE EGITEN: TESTUINGURUA, ANALISIA ETA PROPOSAMENAK BEGIRADA OROKOR BATETIK”. Gorroto-delituak antzeman eta aztertzeko baliagarriak izango diren erraminta teoriko eta praktikoak eskaintzeaz gain, ikastaroaren xedeetako bat sexu- eta genero-aniztasuna defendatzeko nazioarteko sarea indartzea izango da, hain zuzen.

Ikastaroa Moodle e-learning plataformaren bitartez egingo dugu. Eztabaida, esku-hartze eraginkorra eta sormena sustatzeko ekintzak proposatuko ditugu; horrela, jakintza modu kolektiboan sortzea eta ezagutzak hausnarketaren bitartez barneratzea lortuko dugu. Lau modulu izango ditu eta, guztira, sei aste iraungo ditu. Otsailaren 11an hasi eta martxoaren 24an amaituko da. Guztiz doakoa da, trukean proposatutako ariketetan parte hartzea besterik ez dugu eskatuko.

Edozein zalantza badaukazu edo argibide gehiago behar izanez gero, webguneko formularioan idatzi edo helbide honetara mezua bidali: cristina@aldarte.org

%d bloggers like this: