Ezagutu gaitzazu

Nortzuk gara

ALDARTE elkarteak 1994ko otsailetik egiten du lan sexu eta genero aniztasunaren arloan. Horretarako, abian jartzen ditu eta gizarteari eskaintzen dizkio arreta, hezkuntza eta sentsibilizazio baliabideak. Haien helburua da irtenbide positiboak bilatzea LGTBI1 kolektiboaren aurkako intolerantzia eta aurreiritzi sozialak sortzen dituzten gatazkak konpontzeko.

ALDARTE elkartearentzat, Giza Eskubideen defentsarekin bat egon da LGTBI pertsonen eskubideen defentsa, eta gure lanaren ardatz nagusi bat izan da, ezinbestekoa berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko, pertsona guztienganako errespetua printzipio gidari gisa hartu duena, inor baztertu gabe beren sexualitateak, gorputzak eta generoak bizitzeko moduagatik, edo beren azalaren koloreagatik, kulturagatik edo klase sozialagatik.

2005ean, lan ildo bat ireki genuen Nazioarteko Lankidetza Eraldatzailearen alorrean, beste erakunde batzuekin batera hainbat proiektutan eta lan sareetan parte hartzen ari ginela, horietan sexu eta genero aniztasunaren ikuspegia txertatze eta indartze aldera.

Zenbait urte igaro dira geroztik, eta jarraitzen dugu urratsez urrats aurrera egiten, bide hori urratzen, KooperAldarteren moduko espazioak sortzen, eta desirak, gorputzak, generoak eta sexualitateak ulertzen herritartasun global kritikoa garatzeko ezinbesteko alderdi gisa.

ZER DA KOOPERALDARTE GUNEA?

KooperAldarte gunea topagune bat da, sexu eta genero aniztasunaren alorreko ezagutzak eta esperientziak partekatzeko espazio bat: elkarrizketarako toki bat, nazioarteko ikuspegi batetik sortua, gure helburu, erronka, gurari eta desio berak dituzten pertsona eta erakundeentzat.

Plataforma moduko espazio bat, guztion eskuragarri jartzeko KooperAldartek lankidetzari eta sexu eta genero aniztasunari buruz sortutako materialak, doan eta aske; gaiarekin lotutako albisteak, ekimenak, dokumentuak eta baliabideak biltzeko eta eskuragarri jartzeko; gaiarekin lotutako informazio garrantzitsua duten pertsonak, elkarteak, instituzioak eta webguneak biltzeko; eta gaiari buruzko kontsultak egiteko komunikazio zuzenerako leku bat emateko.

Azken finean, lan tresna plural, askotariko eta fluido bat eskaini nahi dugu, haren bidez irudikatzeko alternatibak eta aukera teoriko eta praktiko berriak, eredu hegemoniko neoliberal, etnozentriko eta heteronormatiboaren aurkakoak.

Gure balioak eta erronkak

1

LGTBI pertsonen arteko harremanak despenalizatzea. Ez soilik legez uztea haiei jazartzeari eta haiek zigortzeari, baita juridikoki aitortzea ere haien eskubide zibilak (ezkontza, gurasotasuna, adierazpen askatasuna, elkartzeko askatasuna, eta abar), horiek baitira herritarren errespetua eta aitortza lortzeko oinarrizko baldintzak.

2

Berdintasunezko gizarte bat eraikitzea, pertsona guztienganako errespetua printzipio gidaritzat duena, inor baztertu gabe adinagatik, generoagatik, etniagatik, baldintza sexualengatik, klase sozialagatik, eta abar.

3

LGTBIfobia deuseztatzea, genero ikuspegitik eta ikuspegi feminista batetik, zeinak ulertzen duen emakumeek jasaten dituzten indarkeriak eta LGTBI pertsonek jasaten dituztenak lotuta daudela, eta errotuta daudela genero hegemoniko binario eta heteronormatiboaren logikan.

4

Begirada zabaltzea historian zehar ikusezin bihurtu dituzten sexu eta genero identitateetara, zeinetan pertsonek ez duten beren burua LGTBItzat jotzen, edo ez duten beren burua identifikatzen Mendebaldean eraikitako generoaren eta sexualitatearen ikuspegi etnozentristekin.

5

Generoen eta sexualitateen pluralitateari buruz medikuntzatik eta erlijioetatik sortutako diskurtso patologizatzaileen aurka borrokatzea, eta horiek kokatzea “normaltzat” eta “patologikotzat” jotzen denaren arteko muga ezartzen duten botere harremanen esparruan.

6

Sexualitate ez merkantilista baten aldeko apustua egitea, LGTBI publikoari eredu kapitalista neoliberalak gordetako merkataritza, kontsumo eta zerbitzuei buruzko estereotipoak deseraikiz.

1LGTBI AKRONIMOA ERABILTZEAN ERREFERENTZIA EGITEN DIEGU PERTSONA LESBIANA, GAY, TRANS ETA INTERSEXUALEI, BAITA GORPUTZ, GENERO ETA SEXUALITATE EZ NORMATIBOAK DITUZTENEI ERE.